2007/04/23

Zozoak ispiluari ipurbeltz

Etxean norbaitek esanda, klasean aipatuta edota, Urtz gustuko dugunontzat, abesti batean entzunagatik ezaguna egiten zaigu “Zozoak beleari ipurbeltz” esaera. Bere esanahia ere argi geratu zitzaigun, hori uste dugu behintzat.

Batzuetan errazago gertatzen da bakoitzak dituen akatsak besteengan ikustea. Zozo guztiak ez dira berdinak, baina. Beraien burua begiratzera paratu barik beleari barre egingo diotenak egongo dira, kolore berekoa denik ikusiko ez dutenak. Pena besterik ez dute horiek merezi. Itsututa, errealitatea onartu ez eta gainera barre egiten dutenek.

Bestalde, ez al da posible zozoren batek antzekotasuna ezagutzea? Belea zirikatzean bere burua kritikatzen ari dela jakitea? Dagokion tokian jartzeko bidea izan daiteke hori. Autoestimagatik edo, ez da zuzenean autokritika egiteko gai eta beste batean irudia behar du arazoak azalarazteko. Tristea dugu, baina pausu bat emanda du jada, badaki nolakoa den eta zer hobetu, nahiz eta bidetik besteren bat eraman.

Egun, aste, hile edo urte batzuen buruan, belea ahaztuko du eta ispilu bat jarriko du etxeko atean. Ez du beste bat beharko orduan, bere burua ikusteko gai izango da, akatsak zuzenean antzemateko eta konponbidea bilatzeko.

Azkenean ez du ezer beharko, ispilua ere soberan izango du. Ez ispilu ez beste edozein pertsona, animalia edo objektu.

Nahiz eta klasifikazioen zale amorratua izan, ezin dut kasu honetan nire barneko belea zuhaitz batean edo bestean kokatu. Itsu-itsu kritikatzen ditut hainbat gauza, erratuta askotan, arrazoiz bestetan. Baina badakit ia momenturo bele edo uso handi bati barrez ari banatzaio, ni kritikatuaren parean banago. Eta, zorionez, badauzkat bestela erdian jarriko diren zenbait ispilu. Errealitatea erakutsi eta kokoteko on bat emateko.

Ispilu beharrean beste zozo bat jartzen bazait erdian, zer gertatuko da? Auskalo, frogatu beharko.

No hay comentarios: