Euskera klaseetarako testu batzuk idatzi behar izan ditugu, zazpi guztira, azterketa egin ahal izateko. Horien artean, hemengo istoriotxo hau entregatu dut. Zeregina: hegaz egiteari buruzko 20 lerrotako ipuin bat. Lenguarako be nahikotxo egin doguz. Joango nahiz gutxinaka interesgarriak izan daitezkeenak hemen jartzen. Ea extera ekartzea gogoratzen dudan, beti ahazten dodaz klasean!
Oso bakarti sentitzen da bera. Bere bizitzari heltzen zioten hari guztiak hautsi egin dira bat-batean. Gurasoak banatu zaizkio, neskak ihes egin, lagun taldea banatu eta klaseko notak jaisten ari dira etengabe. Ez du jada ateratzeko gogorik. Bere logelan bizi da, leihoa beti erdi zabalik, bere bizitzarekin noiz bukatuko zain. Zainak ordenagailuari lotuta dauzka, antza; bertatik hartzen du energia, hori du bere abstrakziorako aliatua, hori du lasaitasuna transmititzen dion bakarra. Ama ikusi ere ez du egin nahi, zaunka egiten dio bazkaria ekartzen dion bakoitzean.
Asteburu euritsua dugu hau. Uholde arazoak izan omen dituzte inguruko herrietan, eta pertsonaren bat desagertu ei da. Pantailari begira dago bera, euriak leihoa kolpatzean sartzen duen zarataren erritmoak tontotuta.
Supituki, tximista batek aurreko kalean dagoen kutxa elektrikoa kiskali du. Zentzua erabat galarazi dio horrek. Balkoira begira aurkitzen du bere burua. Birritan pentsatu barik, salto egin du.
Jausi, jausi, jausi… gorputza pisutsu sentitzen du, lurra jotzear dago. Tupustean bizkarra zabaltzen zaiola sentitu, eta behera beharrean gora egin du ordurako gorpu beharko litzatekeen gorputzak, hego zuri distiratsu izugarriak ditu. Hiri gainetik dabil hegaka, behatuz, ordura arte ikusi eta maite izan ez duen bizitzari behingoz baietz esanez. Gora egin du, txoriekin batera, hodeien gainetik, baretasuna sentikor den zeru lasaian.
Benetako poza, zoriontasuna, lortzear dagoela, amaren ahotsa entzun du, atea zabaltzearekin batera. Eguneroko oihua bota eta berriz ere konektatu da bere energi iturri bakarrera.
Amestea merkea da, baina, azken finean, ametsak amets baino ez dira.
2007/05/02
Ikaroren ametsa betetzen
Publicado por Opositivo el 5/02/2007 04:11:00 p. m.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario