2007/10/22

Politikaz

Euskal Herria, etengabeko gatazka”. Horixe izan zen atzo ordenagailua amatatu baino lehen inprimagailuak oparitu zidan idatzia. Fotolog batean aurkitu nuen, Iruñako neska batek sinatutakoan. Historiarako lan bat da, antza. Ez nuen momentuan irakurri, motxilan salbu geratu zen gaur goizeko bidaia errazteko. Goizeko lehen orduetan ez daukat burua ariketak egiteko bezala eta horrelako irakurketek bidea arintzen didate. Berandu zen gainera, eta ohea deika nuen jada.

Hala ere, balkoira atera nintzen bost minutuz Prigoginek aipatutako adibide baten edertasunaz gozatzeko [1], eta hurrengo egunean irakurri behar nuenari bueltak ematen hasi nintzen. Neuronak kristalez bete zituzten zainak edo, eta sinapsiak ke botaka zebiltzan.

Ez zitzaidan halako gatazkari buruzko azalpen laburra egitea erraza egiten. Irudizko entzulea neukan adi-adi niri begira eta gorputza dardarka, hitzek ez baitzuten atera nahi. Nola azaldu zer den zer? Hainbat elkarrizketetan izandako burutazioak etorri zitzaizkidan garunera, “Espainiako beste autonomietan” edo antzeko adierazpenak erabili ondorengo burutazioak. Nola hartuko zuen solaskideak esandakoa?

Oso oso labur esan genezake Euskal Herria estaturik gabeko herria dugula, eta Espainia herri baturik ez duen herrialdea. Inongo mapa politiko ofizialetan lehena osatzen duten zazpi probintziak banaturik agertzen dira: Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba alde batetik, Nafarroa bestetik eta Iparraldea (Lapurdi, Behe-nafarroa eta Zuberoa) Frantzian. Lur hauetan badago horien idependentzia eta gobernatuko dituen antolakuntzaren sorreran sinesten duenik. Beste edozein egoeraren existentzia ukatzera ere heltzen dira zenbait, nahiz eta urteetan zehar horrela izan dela ikusi duten. Beste batzuek ilusiotzat jotzen dute horrelako egoera, baita Sabino Arana delako tipo bati leporatu horrelako ideia bururatu izana. Ez nago aipatutako probintzietatik kanpo jaiotakoez ari, baizik eta bertako bezala hartuak izateko aurrekoek beste eskubide dituztenez. Bi mugen artean, erdibidean, beste hainbat ikuspuntu aurki ditzakegu. Beraz, estaturik gabeko herri hau ez da aipatutakoetan bizi diren pertsonen multzoa. Nahi duen tokira egiten du txis bakoitzat, eta batasun bilduaren homogeneotasuna amezlari kroniko batek baina ezin dezake orain ikusi.

Espainiarekin hamaika antzekotasun aurki ditzakegu, distantziak behar bezala gordeta, noski. Euskal herrian ikuspuntu aniztaduna badago, hemengoak ez dauka izenik. Jende kopurua pixkat bat handiagoa da, eta hauek banatzen dituzten errepideak zertxobait luzeagoak. Horren jakinean, askok onura ekonomiko eta administratiboak dakartzan sinbiositzat dute herrialdea, gaur egungo globalizazio bortitzari gogoz eusteko sinbiosia. Gauzak horrela, ezberdintasunak onartu egiten dituzte; poltsikoa igotzen den bitartean batzuk, uste sendoak izatearren besteak. Beste hainbatek, asko, aipatutako eskala aldaketa kontutan hartuz gero, lehenago aipatutako eremuko jarreraren ispiluaren bestaldean agertzen da: Espainia bakarra eta bateratua. Mundu guztiak defendatu behar du berau, eta horretaz harro egon.

Logikak agintzen duenez, moderatuek ez dute arazo larririk izaten, segurtasun faltagatik edo, denbora pasatzen uzten dute bronketan parte hartu gabe. Alde bietakoak, aldiz, etengabeko borrokan dabiltza, eta besteak ertzetara erakartzen dituzte. Ahalik eta potentzia handiagoz polarizatzen dituzte haien aho-eskuak eta arazorik gabe imantatuta geratzen dira lehen moderatutzat geneuzkanak.

Kultura aniztasuna, hizkuntza eta ohituren ezagutza, elkartrukaketa, etab. alde batera geratzen dira, benetako arazoari tokia uzteko. Hauekin batera doaz beste garai batean oinarrizkoak izandako kontu arbuiagarriak, hala nola, etxebizitzaren egoera, soldata minimoen balioa, hezkuntza sistemak sortzen duen barregurea, honek jasaten dituen aldaketen ondorioz entzun ditzakegun irri ozenak, amalurraren erailketa isila...

Artazia papera mozten saiatzen da, eta harriak erantzuten dio lehenengoari [2]. Gaua berotzen duten kotxeak, ordu berdinetan ostiaka eta eskuak bilurturik auto urdinetan sartzen diren gazteak, beltzez tindaturiko edifizioak, kolore berdinak hartutako bihotzak burdinartean, egia gezur, gezurra egi... Benetan norbaitek pentsa dezake hau dugula inorako bidea?

Zein da nire aukera? Barakaldon jaio nintzen eta Urdulizen hasi naizen euskaldun espainiola, edo espainiol euskalduna, naiz. Irakur dezala bakoitzak nahi duen erara. NAN da nire identifikazio txartela eta EHNA daramat soinean ere. Batak zein besteak egoeraren araberako betetasun zein tristura ekartzen didate. Horrek ez dit sortutako hainbat gorroto eta ekintzen zergatia ikusten uzten, ez dut ulertzen zein den talde baten barruan egotearen ezberdintasuna egunerokoan, ez dut horrek dituen abantailak nabaritzeko adina sentikortasun... Badirudi, gainera, honek gehiagora joateko errepidea hartu duela, eta ni ez nago trapu zahar batzuen izenean hiltzeko prest, nire bizitzak hori baino nahiko gehiago balio du. Bizitza honetan daukadan bakarra berau da, eta, nik dakidala, ez dago berriz disfrutatzeko aukerarik. Has dadila benetako liskarra, eta izango dut behingoz maleta hartzeko behar dudan aitzakia. Nire lurra/herria maite dut, eta, Dorothy-k esan bezala [3], “etxean inon baino hobeto” nago, baina ez diot zentzurik ikusten nire odola begiek ikusiko ez duten etorkizunaren giltz izateari.

Orain, beste edozein idatzitan baino hobeto, irakur daiteke ahoa gorri-horiz eta begiak gorri-berde-zuriz estalita dituen ikurraren esanahia.


--------------------------------

[1] la espera del caos
[2] Piedra contra tijera – Soziedad Alkoholika
[3] http://es.wikipedia.org/wiki/El_maravilloso_Mago_de_Oz

1 comentario:

Anónimo dijo...

X"Politikaz"#