2008/03/24

Hori ez da nire guda

Gaueko hamabiak pasata erlojuan. Etxera heldu berri naiz, margo arteko arratsalde eta Indautxuko ilehoriak prestatutako afari-elkarrizketaren ondoren. Badauzkat paketeak prest. Atzo utzi nebazan. Eguena da, barikua jada, eta bihar, gero, goizeko zortzietan hartuko dut Lezora eramango nauen autobusa, aurten Gazte Topagunerako ontzia. Aspaldi neukan joateko gogoa, eta azkenean han izango naiz. Arroza prestatu, biharko bazkarirako, oilasko frijitu, eta ohera, lo seko.

Esnatu, metrora korrika, hartu, geratutako plazara joan eta konturatu baino lehen Pasaiaz haratago utzi gaituzte. Bidean, mingain arazo larria zuen neska bat; ezin zuen geldirik izan; eta berdez jantzitako gazte xarmant ausart uniformatuak, denborapasarik ez eta autobusak geldiarazten zebiltzan Zarautzen.


Motxilak legora, zigarroa ahora eta maldan gora doazkit hankak. Gora, behera, gora, behera… Ez du bukaerarik honek! Euriak ez du bidea aurkitu, behintzat, eta galduta dabil, batek daki non. Heldu gara azkenean kanpatzeko gunera. Hala dio kartelak, bederen. Ekialdeko metroetan bezala, horiz jantzitako antolatzaileak dauzkagu bultzaka, beroa gal ez dadin beharbada. Ezin hurbilago dauzkagu inguruko dendak, baina tira, pare bat egun baino ez dira izango.

Trastu guztiak behar bezala jarri ditugu. Euria gogor ari du orain, eta herria dezente urrun dago. Busti edo dendan egon: argi dago. Antisozializazioa airean! Indar faltagatik baino ez bada ere. Hitzaldiak primerakoak ziruditen, baina nagiegiak gara. Azkenean erabaki dugu, basartean petrifikatu baino lehen, kontzertu batetara joatea. Bidaia aprobetxatu dugu zenbait edari eta falta zitzaizkigun oinarrizko jakiak erosteko. Patxarana eta txokolatea artean. Jai eguna da, baina herri hau ez dator bat egutegiarekin. Bueltan, igerileku marroia aurkitu dogu lehen kanpalekua zegoen aldapan. Zenbaitek arazoak izan dituzte dendekin. Guk, ordea, zortea izan dogu, momentuz, edo onak gara muntatzen, batek daki, eta erdisiku jarraitzen dute zakuek.


Gaua etorri zaigu bisitan, bere eskutik goaz kontzertuetara, hamar bat minututara dagoen karpa handi batera. Han gabiz danak, zirkuko pailazoak baikina, giza berotan, lokatzik gabe, ia, eta begiak bueltaka. Buru gainetan, hiru bider bost metroko neurriekin: heriotza, askatasunaren izeneko heriotza paradigmatikoa. Begi zuri narrastiak odol urdin artean, gure babes, defentsa, harresi, gotorleku, kondena. Ezintasunaren ilusioak indarturiko boterearen zigor-kaiola. Ezjakintasunak, modak bultzaturiko oihuak, kantuak, hilketak ahoan, gogoz biriketatik kanpo, burmuinetatik at, belarriotara zuzen. Zur eta lur begira, zer egin? Beratara igo eta metxeroarekin erretzeko ausardiarik ez, ihes egitekoa ere ezkutatuta. Soilik egon eta izan. Egon, izan eta madarikatu. Biziaz erabakitzeko aukera ausarta madarikatu. Ametsaren bideko odol isuriaz barre egitea madarikatu. Horren parte izatea zeharo madarikatu.

Ezan izan uste nebana, ez. Hainbat gauza gustatu zitzaizkidan, nahiz eta ez nintzen hitzaldietara joan. Milaka gazte baturik, elkarrekin antolaturiko jardun luzeetan. Ginkanak, bazkariak, bertsosaioak, dendetako abenturak… Zenbait gauza ez dira onargarriak, baina. Bueltan, ikusitakoa ebaluatu ostean, ezetzak irabazi du. Egon naiz, eta esan dezaket, badakit zer den, baina asko aldatu beharko da egoera hurrengoetan nire partehartzea bermatzeko. Eskerrik asko, baina hori ez da nire guda.

3 comentarios:

Anónimo dijo...

topaguneko egonaldiaren laburpena...

uste dut arrazoi duzula...
halako gauzak soberan daude...
topagunean biltzen den jendearen artean pentsakera ezberdin asko daude gainera...ta ez zait bidezkoa iruditzen denak hortan parte hartzea¡ra "behartzera". batek bño gehiagok esango du orduan...ba orduan zertarako zoaz topagunera?badakizu zer dagoen hor...es lo ke hay...
ba ez! ez nago ados...esperientzia izugarria da,giroa ere bai eta halako gauzekin nahastu ezean dena primeran atera daiteke...noski, eguraldiak lagundu ezkero askoz hobe...

Heiditxo

Opositivo dijo...

Esperientzia eta giroa bizi behar dira, eguraldia onakin hobe, nahiz ta txarrak bere xarma duen. Baina punto.

Zenbait gauza nik ezin ditut onartu. Jai abertzale bat izatearekin, esaterako, ez dut arazorik, baina han ikusi nebana ez zan kontu ideologikoa, ez zan hitzez izan dezakegun eztabaida bat, baizik eta bizitzaz erabakitzeko "askatasuna". Jendeak hori adierazi nahi badu, egin dezala, indibiduo bezala, baina ez antolakuntzak.

Mila esker sinatzeagatik, uste neban jada inork ez zituela burutazio hauek irakurtzen.

Anónimo dijo...

Bueeeeno. Ez nago guztiz ados. Bada, gai ideologikoa. ETA ez da berdin heriotza. ETA erakunde bat da. Agian ez gara ados egongo modus operandiarekin, baina ideologikoa da duda barik. Eta, bai, hara bazoaz badakizu zer dagoen, nire ustez. Inork etzaitu behartzen hori pentsatzera, baina inor ez da behartu behar ere hori ez pentsatzera.

Arazo nagusia ez da sugearen bost metroko pankarta. Baizik eta oihu hausnartugabeak, arrazoiak galdutako desioak.

Biolentzia txarto dagoen ala ez, hori gai etikoa da. ETAren biolentziaren atzean arazo bat dagoela, eta ideologikoa dela, hori ebidentzia da.