Gaueko hamabiak pasata erlojuan. Etxera heldu berri naiz, margo arteko arratsalde eta Indautxuko ilehoriak prestatutako afari-elkarrizketaren ondoren. Badauzkat paketeak prest. Atzo utzi nebazan. Eguena da, barikua jada, eta bihar, gero, goizeko zortzietan hartuko dut Lezora eramango nauen autobusa, aurten Gazte Topagunerako ontzia. Aspaldi neukan joateko gogoa, eta azkenean han izango naiz. Arroza prestatu, biharko bazkarirako, oilasko frijitu, eta ohera, lo seko.
Esnatu, metrora korrika, hartu, geratutako plazara joan eta konturatu baino lehen Pasaiaz haratago utzi gaituzte. Bidean, mingain arazo larria zuen neska bat; ezin zuen geldirik izan; eta berdez jantzitako gazte xarmant ausart uniformatuak, denborapasarik ez eta autobusak geldiarazten zebiltzan Zarautzen.
Motxilak legora, zigarroa ahora eta maldan gora doazkit hankak. Gora, behera, gora, behera… Ez du bukaerarik honek! Euriak ez du bidea aurkitu, behintzat, eta galduta dabil, batek daki non. Heldu gara azkenean kanpatzeko gunera. Hala dio kartelak, bederen. Ekialdeko metroetan bezala, horiz jantzitako antolatzaileak dauzkagu bultzaka, beroa gal ez dadin beharbada. Ezin hurbilago dauzkagu inguruko dendak, baina tira, pare bat egun baino ez dira izango.
Trastu guztiak behar bezala jarri ditugu. Euria gogor ari du orain, eta herria dezente urrun dago. Busti edo dendan egon: argi dago. Antisozializazioa airean! Indar faltagatik baino ez bada ere. Hitzaldiak primerakoak ziruditen, baina nagiegiak gara. Azkenean erabaki dugu, basartean petrifikatu baino lehen, kontzertu batetara joatea. Bidaia aprobetxatu dugu zenbait edari eta falta zitzaizkigun oinarrizko jakiak erosteko. Patxarana eta txokolatea artean. Jai eguna da, baina herri hau ez dator bat egutegiarekin. Bueltan, igerileku marroia aurkitu dogu lehen kanpalekua zegoen aldapan. Zenbaitek arazoak izan dituzte dendekin. Guk, ordea, zortea izan dogu, momentuz, edo onak gara muntatzen, batek daki, eta erdisiku jarraitzen dute zakuek.
Gaua etorri zaigu bisitan, bere eskutik goaz kontzertuetara, hamar bat minututara dagoen karpa handi batera. Han gabiz danak, zirkuko pailazoak baikina, giza berotan, lokatzik gabe, ia, eta begiak bueltaka. Buru gainetan, hiru bider bost metroko neurriekin: heriotza, askatasunaren izeneko heriotza paradigmatikoa. Begi zuri narrastiak odol urdin artean, gure babes, defentsa, harresi, gotorleku, kondena. Ezintasunaren ilusioak indarturiko boterearen zigor-kaiola. Ezjakintasunak, modak bultzaturiko oihuak, kantuak, hilketak ahoan, gogoz biriketatik kanpo, burmuinetatik at, belarriotara zuzen. Zur eta lur begira, zer egin? Beratara igo eta metxeroarekin erretzeko ausardiarik ez, ihes egitekoa ere ezkutatuta. Soilik egon eta izan. Egon, izan eta madarikatu. Biziaz erabakitzeko aukera ausarta madarikatu. Ametsaren bideko odol isuriaz barre egitea madarikatu. Horren parte izatea zeharo madarikatu.
Ezan izan uste nebana, ez. Hainbat gauza gustatu zitzaizkidan, nahiz eta ez nintzen hitzaldietara joan. Milaka gazte baturik, elkarrekin antolaturiko jardun luzeetan. Ginkanak, bazkariak, bertsosaioak, dendetako abenturak… Zenbait gauza ez dira onargarriak, baina. Bueltan, ikusitakoa ebaluatu ostean, ezetzak irabazi du. Egon naiz, eta esan dezaket, badakit zer den, baina asko aldatu beharko da egoera hurrengoetan nire partehartzea bermatzeko. Eskerrik asko, baina hori ez da nire guda.